Joan den martxoaren 1ean “Mugi zaitez euskararen alde” izeneko kanpaina jarri zen abian, Barakaldoko merkataritza sektorean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz. Izan ere, sektore hau estrategikoa da gure kaleetan euskarak presentzia handiagoa izan dezan.

“Mugi zaitez euskararen alde!” kanpainaren helburu nagusia euskararen aldeko konpromisoak edo, gutxienez, urrats txikiak lortzea da. Oso ondo dakigu zein den Barakaldoren errealitate linguistikoa; hori dela eta, konpromiso maila ezberdinak planteatu dira:

  • Hemen kartelak euskaraz” – Konpromiso mailarik txikiena, hau da, karteletan euskararen presentzia bermatzeko konpromisoa. Gainera, euskara ez dakiten merkatariei Barakaldoko Udalaren euskara zerbitzuak lagunduko die doako itzulpen zerbitzu baten bitartez.
  • “Zuk egin euskaraz, ni saiatuko naiz” ulermen mailako konpromisoa da, hau da, gure merkatari edo ostalari askok euskara ulertzen dute, baina, agian, ziurrago sentitzen dira gaztelaniaz. Konpromiso honen bitartez, bi hizkuntzen arteko bizikidetza sustatuko da.
  • Hemen euskaraz”, euskara dakiten merkatari edo ostalariei zuzendutako konpromisoa da, hau da, euskarazko zerbitzua eskaintzea.

Konpromiso horiek ikusarazteko, binilo batzuk diseinatu dira, kontsumitzaileek kanpainarekin bat egiten duten negozioak errazago identifikatu ahal izateko.

Egin beharreko ahalegina txikia da (kartelak, bi hizkuntzen arteko bizikidetza …); horren truke lortu ahal den saria, berriz, handia (euskararen normalizazioa, kontsumitzaileen esker ona…). Hortaz, ez izan zalantzarik eta jarri harremanetan Barakaldoko Udalaren Euskara zerbitzuarekin:

Urrats txikiak emanda, Barakaldon sekulako aurrerapausoak lortuko ditugu eta, zalantzarik gabe, denok aterako gara irabazle. Ez geratu jokoz kanpo!