Korrikaren 20. edizioa Otxandion abiaraziko da martxoaren 30ean. Barakaldora zazpi egun geroago helduko zaigu, apirilaren 6an eta goizean goiz izango dugu gure artean, goizeko 05:00etan, hain zuzen ere.

Aukera ezin hobea Barakaldon euskararekin identifika gaitezen; izan ere, Korrika gure kaleetan zehar pasatzen denean, bizitza eten egiten da, euskararen aldeko eten zoragarria gertatzen da: korrikalariak harro, hunkituta; espaloietan daudenak adi-adi begira, irribarretsu, txaloka? minutu batzuk baino ez dira; baina minutu horietan lortzen den euskararekiko identifikazioa itzela da. Eta, egia esan, Barakaldok halako minutu, ordu eta egun asko behar ditu oraindik.

Hori dela eta, Barakaldodoko Udalak, lehen aldiz, Korrikarekin bat egin eta euskararen aldeko mugimendu honek gure udalerrian egingo dituen kilometroetako bat hartuko du, euskarari babesa adierazteko, bai eta Udalaren konpromiso sendoa ere erakusteko Barakaldoko kaleetan gero eta euskara gehiago entzun dadin.

Azkenik, animatu nahi ditugu barakaldar guztiak apirilaren 6an iratzargailua jarri eta kalera ateratzera. Oso goiz dela? Berdin dio!! Korrika gauez pasatzen ikustea magikoa da eta Barakaldo hain handia denez, eguna argitzen ere ikusteko aukera izango dugu. Beraz, animatu, ohetik altxatu eta egin bat euskararekin eta Korrikarekin. Eguna hasteko modu zoragarria izango da; hoberik ez da egongo!