Barakaldoko Udalak “Mugi zaitez euskararen alde!” kanpaina jarriko du martxan, gure herriko komertzioetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz.

Kontsumitzaile bat Barakaldoko komertzio, taberna… batean sartu eta euskaraz eskatuz gero, bizitza gelditu egiten da, segundo batzuetan behintzat. Kontsumitzaileak ez daki zer-nolako erreakzioa jasoko duen mostradorearen bestaldean dagoen pertsonarengandik; merkatari edo ostalaria, euskaraz jakin edo ez, harritu egiten da, ez baita oso ohikoa Barakaldon inork euskaraz eskatzea. Lokalean dauden gainerako kontsumitzaileak ere paralizatu egiten dira, erreakzioen zain.

Nola eman buelta egoera honi? Nola lortu euskara gure komertzioetan ere ohiko hizkuntza bilakatzea?

Badakigu Barakaldoko merkatari eta ostalarien sektoreak laguntza beharko duela eta horixe ere bada kanpaina honen helburua, alegia, interesa duten guzti-guztiei laguntza eskaintzea euren negozioetan euskara txertatzeko. Bakoitza bere abiaduran; batzuk hizkuntza paisaiarekin hasi ahal izango dira; beste batzuek, agian, hitz egin ez, baina ulertzeko gai dira eta ulermen mailan atxikitu ahal izango dira kanpainara eta ziur gaude bat baino gehiago euskarazko zerbitzu integrala eskaintzeko moduan daudela.

Jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin zure negoziorako estrategiarik onena diseinatuko dugu!!

Azkenik, kanpainarekin bat egiten duten lokal guztiek beren zerbitzuak doan publizitatu ahal izango dituzte Barakaldoko zerbitzuen mapan. Horrela, gure merkatari eta ostalariek egin beharko duten ahalegina balioetsi egingo da eta era berean, euskal kontsumitzaileek erraz aurkitu ahal izango dituzte gertuen dituzten negozio “euskaldunak”.