Datorren urtarrilaren 30ean 2017-2018 ikasturterako matrikula egiteko epea zabalduko da:
- Urtarrilaren 30etik otsailaren 10era
Ikastetxea aukeratzeko orduan faktore asko izan beharko dituzue kontuan:
- Ikasteetxe publikoa ala itunpekoa
- Ikastetxearen hezkuntza proiektua
- Ikastetxearen ubikazioa
- Ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak
- …
Benetan erabaki erraza ez da! Baina, egin behar da! Eta gainera, funtsezko erabakia izan daiteke gure seme-alabentzat.
Euskara dela-eta gerta daiteke arduratuta egotea; agian, zuek ez dakizue ondo euskaraz edo eskolan ikasi bazenuten ere, baliteke une honetan euskara hori ahaztuta edukitzea. Lasai, guztiz normala da! Baina horrexegatik da hain inportantea EUSKARA ere oso kontuan hartzea erabakia hartzeko orduan.
Zuen seme-alabek, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskara beharko dute euren bizitzan zehar. Euskarak ate asko irekiko dizkie (kultur arloan, gizarte arloan, lan arloan…) eta gurea bezalako udalerri batean oso garrantzitsua izango da umeek eskolan euskara ikastea; Barakaldon, kasu askotan, eskola eta irakasleak izaten baitira euskararen erreferente ia bakarra (barakaldarren %90 inguruk gaztelania dute lehen-hizkuntza eta etxeko hizkuntza bakarra).
Hortaz, ez izan zalantzarik eta matrikulatu seme-alabak euskaraz. Hizkuntzak sekula ez dira oztopo txikientzat; aitzitik, erraz eta naturaltasun osoz ikasiko dituzte hizkuntza, ia ahaleginik gabe. Baina, aldi berean, gogora ezazue hizkuntza bat ondo ikasi eta sendotzeko erabiltzea ezinbestekoa izango dela, eta zoritxarrez, badakizue ikastetxean ere euskararen erabilera, askotan, ikasle eta irakasleen arteko interakziora mugatuko dela eta gainerako momentu guztietan (haurren arteko harremanak, patio orduak…) gaztelania nagusituko dela.
Beraz, ahal duzuen neurrian, aprobetxa itzazue eskolan bertan edo eskolatik kanpo euskaraz jolasteko eta dibertitzeko eskainiko zaizkizuen aukerak, haurrek hizkuntzak bizipen positiboekin lotu behar dituzte-eta. Eskolaz kanpoko ekintzak, hortaz, funtsezkoak izango dira!!
Eta azkenik, murgildu zaitezte zuek ere haurrekin batera euskararen unibertsoan.