20. Korrika martxan da dagoeneko, Otxandiotik abiatu eta apirilaren 9ra arte Euskal Herri osoa zeharkatuko du euskararen aldeko martxa honek.
Gure herrira apirilaren 6an helduko da, goizaldeko 04:55ean, hain zuzen ere. Erandiotik itsasadarra zeharkatu eta Urban-Galindo auzoan hartuko du Barakaldok euskararen lekukoa. Iratzargailua jarri eta goiz altxatu, beste erremediorik ez dugu izango, Barakaldok euskararen lekukoa hartu eta harro eramango baitu.
Ordubetean euskara gure herriko kaleen jabe izango da, ordubetean denok elkartuko gara euskarari merezi duen bultzada emateko. Izan ere, horixe lortu du Korrikak urte hauetan guztietan, alegia, euskara protagonista bilakatzea, euskal gizarte osoa euskararen alde mobilizatzea eta garrantzitsuena dena, euskararen aldeko mezu positibo eta inklusiboa barreiatzea, aurten inoiz baino gehiago: #BatZuk (ni BAT naiz, baina ZUK ere parte hartuz gero, #BatZuk izango gara)
Barakaldora, aitortu dezagun, ordu desegokian helduko da eta parte hartu nahiko luketen asko ezin izango dira goizeko 05:00etan gure kaleetara atera. Pena izango da; baina, hala ere, Korrikak bere magia eragin du Barakaldon ere; izan ere, elkarlanari esker, hau da, era askotako eragileen lanari esker (Barakaldoko AEK, euskalgintza, kulturgintza, auzo elkarteak, kirol elkarteak, ikastetxeak, Barakaldoko Udala…), egun bakar batean ez, hainbat hilabetetan izan baititugu Korrika eta euskara protagonista gure kaleetan.
Berriz ere demostratu da horixe dela bidea, elkarlana, alegia eta horrelaxe erakarriko ditugula gero eta gehiago euskararen unibertsora.
Eskerrik asko magia hau posible egin duzuen guztioi! Barakaldon aurten #BatZuk izan gara eta ziur nago apirilaren 6an ere ASKO izango garela!